XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogoan hartu behar dugu argi egiten diguten iturri bakarrak literaturaren bidez datozkigula.

Guek eta zuek euskal formak, erdarazkoen parean daudela, desarroilo paralelo gisa sortu direla uste izatea arrazoizkoa dirudi.

Baita erdaraz euskaraz baino lehenago hasi zela desarroiloa uste izatea ere, oso fenomeno zabala denez gero bigarren pertsona plurala tratamentu maiestatiko bezala erabiltzea, inglesez ere gauza berbera gertatzen baita you formarekin, hizkuntza erromanikoa ez izanik ere.

Dudarik gabe bizitza urbanoaren bidez zabaldu zen joera hori eta euskarara kanpotik dator, euskaraz mintzatu izan direnak halako bizitza urria izan baitute historian zehar.

Zer den gu eta zu formei gehitu zaien eraskina?

Dudarik gabe -otros formaren gisako plural bat.

Berdin izan daiteke -ek edo -ok, azken hau Bizkaian.

Hain zuzen ere -ok artikulu plural urbila dugu, gradu gabeko artikuluaren oposizioan dagoen artikulu plurala, lehen gradukoa edo bigarrenekoa izan daitekeena.

Zuok forman bigarrenekoa besterik ezin izan daiteke.

Cf, gizonak eta gizonok.

Gizonok esaten dudanean ni tartean egon naiteke edo ez, gu gizonok izan daiteke edo zuek gizonok edo zuok gizonok.

Haiek esaten baldin bada gizonak behar du nominatiboa denean eta ergatiboa denean ere bai hala erabiltzen den lekuetan.

Ene ustez -ek ez da artikulu plural zaharra besterik eta jatorria hek gradu urruneko demostratibo pluralean du, -ok beste artikulu pluralak, urbilak alegia, beste graduko demostratiboan duen bezala bezalaxe, forma berbera dutela ergatibo nahiz nominatibo kasurako.

Hek demostratiboa haiek eta halakoak baino zaharragoa da dudarik gabe eta badu Erronkarin pareko forma bat: kek.

Gauza berbera gertatzen zaio hok demostratiboari eta Nafarroa beherean berdin izan daiteke lehen pertsona plurala nahiz bigarrena, artikulu denean gertatzen zaion bezala bezalaxe.

Etxepare-ren baitan ikus daitezke halako demostratiboak XVI mendean.

Horrela esplikatzen dira urrengo testook: desdichatu aiegui (374 orr., hirugarren graduko demostratibo pluralari -i datiboaren marka ipinirik), onegui (386 orr., artikulu plural gradu gabekoari -i datiboa gehiturik), Ebreoegui (386 orr., berdin), Christio fielogui eta abar, ikus Manuel de Lecuona, Textos Vascos del siglo XVIII, en Tierra de Estella, FLV, 1973, 369-390 orr.